Oro auzoa, Larrino eta Aozaratza elizateak zeharkatzen dituen ibilaldi hau aukera paregabea da Urkulu Urtegiaren inguruak osatzen duen gune naturala ezagutzeko.

Aretxabaletan Azbe lantegiaren ondotik abiatuko gara eta Arrasaterantz doan errepidea (GI-627) hartuko dugu. Berehala, lehen bidegurutzean eskuin aldera gorantz doan errepidea hartuz, poliki-poliki, Oro auzora iritsiko gara.

  1. Oro auzoa: Iturralde baserriaren alboko iturritik eskuin aldera irteten den lurrezko pista hartu eta beste bidegurutze batetara helduko gara. Hemendik aurrera zuzen egingo dugu pinudi artean marrak jarraituz aurrez aurre asfaltoa ikusi arte. Jadanik Larrino elizatean gaude.
  2. Larrino elizatea: Bidegurutze honetan ezkerreko errepidea hartuko dugu. Telleixe baserritik aurrera, San Kristobal elizara helduko gara. Aurrerantz jarraituz, beste bidegurutze batera helduko gara. Eskuin aldera doan errepidea hartu eta Intxusia baserriaren albotik aurrera jarraituko dugu. Ondorengo bidegurutzean beherantz jo eta Zuatzu baserriaren albotik Urkulu urtegia ikusiko dugu.
  3. Urkulu Urtegia: Urtegia inguratzen duen errepidea jarraituko dugu, horretarako eskuin aldera jo eta Aozaratzako elizaren parean dagoen bidexka hartuz, Torrena baserrira helduko gara.
  4. Aozaratza elizatea: Eskuin aldeko errepidea hartu eta berehala Otalora dorretxea dago.
  5. Otala–zelai: Bidea jarraituta bidegurutze bat eta Otala-Zelaiko hariztia aurkituko dugu. Jarraian beheraka egingo dugu Otala-Zelai baserritik abiatzen den breazko pistatik eta ondorengo bidegurutzean, lurrezko pista hartuko dugu. Azkenik, Agarre baserritik Aretxabaletako ingurubiderantz jaitsiko gara breazko pistatik. Bariante gainetik doan zubitik ibilbidearen abiapunturaino iritsiko gara.
  1. Oro auzoa: Aretxabaletatik hurbil, bertan tankera tradizionaleko arkitektura duen Iturralde baserria dago.
  2. Larrino elizatea: Urkulu urtegiaren goialdean dago. Hamasei baserri ditu eta elizate honen erdigunean San Kristobal parrokia dago. San Kristobalen irudia nabarmendu daiteke hiru erretaula dituen parrokia honetan eta atentzio berezia merezi du sakristian dagoen Arrosarioko Andre Mariak. Hortaz gain, ezin aipatu gabe utzi elizatearen kokapena eta inguruko paisaia; Urkulu urtegia eta Kurtzebarri, Udalatx, Hiruhaitz, Orkatzategi, Aloña…
  3. Urkulu urtegia: Aozaratza, Areantza, Korueta eta Larrino elizateen artean, eta Kurtzebarri, Orkatzategi, Ametzueta eta Hiruhaitz mendien magalean aurkitzen da. Urtegi honek paisaia ederrak eskaintzen ditum kirol desberdinak edo ibilaldiak oinez egiteko jende asko bertaratzen da. Gainera, azken urteotan hegaztien natura-gune paregabe bihurtu da; Gipuzkoako garrantzitsuenetarikoa.
  4. Aozaratza elizatea: Urkulu urtegiaren sarreran dago. Bertan, San Juan parrokia eta Otalora dorretxea daude. Parrokiako ezkerraldeko kapera aipagarria da, Otalora familiarena dena.
  5. Otalora dorretxea: XVI. mendeko eraikuntza hau Aozaratza elizatean dago eta 1964tik Monumentu Historiko Artistikoa da. Erdi Aroko izaera du eta aurrealdeko armarriak eta leihoen egitura azpimarratu behar dira.
  6. Otala-zelaiko hariztia: Otala-zelai baserriaren parean dagoen harizti hau atseden gune dotorea da. Oso ezaguna da maiatzaren 12an edo ondorengo igandean egiten den erromeria.

Beste aukera batzuk

  • Koruetako elizatea. Santiago eliza.
  • Areantzako elizatea. Natibitate eliza.
  • Orkatzategiko eremu megalitikoa.
  • Kurtzebarri, Degurixa…