Ezagutzen duzu Euskal Herriko mendirik gailurrenak eta pagadirik zabalenak biltzen dituen Parke Naturala? Parte hartu Arantzazuko Parketxeak antolatzen dituen mendi-ibilietan edo hurbildu sarrera desberdinetara: Arantzazura, Aretxabaletako Urkulu urtegira, Eskoriatzara edo Leintz Gatzagara.

Apirilak 4ko 76/2006 Dekretuaren bidez Aizkorri-Aratz aldea Parke Naturala izendatu da. Aizkorri-Aratz Parke Naturala Gipuzkoako eta Arabako lurralde historikoen arteko mugan dago, eta bi lurralde historikoak banatzen dituen mendi-kordala hartzen du, gutxi gorabehera Arlaban eta Otzaurte portuen arteko eremua. Geografiak Zaraia, Elgea, Urkilla, Aizkorri eta Altzania mendilerroak hartzen ditu alde horretan, non nabarmentzekoak diren Aitxuri (1.551 m-ko altitudea) eta Aratz (1.442 m-koa) tontorrak. Kantauri-Mediterraneoko uren banalerroa ere mendilerro horretan da.

Geomorfologiaren aldetik, Parkeak,  erliebe malkartsua du, izan ere, haran sakon eta tontorren artean 1.000 m inguruko kota-aldea dago; ekialdean Aizkorri, Aratz eta Egino bezalako kareharrizko fronteak gailentzen dira, baita Elgea eta Urkilla bezalako silize-harriak ere. Badira interes handiko beste elementu geomorfologiko batzuk, hala nola, sakonudeneak, aldapak, arroilak, dolinak eta arro karstikoak. Deba, Urola eta Oria ibaiek ura Kantauri itsasora isurtzen dute; Mediterraneora, berriz, Arakilek eta Barrundiak.

Jatorrizko basoen zati handi batek bere horretan dirau; batez ere, pagadi kaltzikolaz eta azidofiloz eta ameztiz osatutakoak. Alde horren %40aren erdia gutxi gorabehera horrelakoez beteta dago. Merezi du aipatzea haritz kandugabeko hainbat gune ere badaudela.

Gizakiak esku hartu du, eta horren ondorioz, landaredi potentziala aldatu egin da; baso-andaketak eta landazabal atlantiarrak ugariak dira, batez ere Gipuzkoan. Gainera, interes komunitarioko 22 habitat-mota identifikatu dira.

Halaber nabarmen daitezke, harrapakari, pizido, kiroptero, basoko haragijale, mikrougaztun eta ornogabe saproxilikoen populazioak; horietarik gehienak arriskuan dira eta ondo zaindutako EAEko baso handietan baino ez daude. Horiek horrela, inguru horrek ondorengo populazio hauek zaintzeari egin dion ekarpena garrantzi-garrantzitsua da: okil beltza (Dryocopus martius), miru gorria (Milvus milvus), sai zuria (Neophron percnopterus), lepahoria (Martes martes), elur-lursagua (Chyonomys nivalis), ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum) eta Osmoderma eremita, besteak beste.

Beste aukera batzuk...