Oñatin, errenazimendu garaiko arkitektura zibilaren euskal eredu aparta aurkitzen da: Sancti Spiritus Unibertsitatea.

1450. urtean eraikitzen hasi zen Rodrigo Mercado Zuazola Oñatiar apezpikuaren aginduz. Gure eskualdean ideia humanistak sartzeaz gain, XVI. mendeko korronte artistikoaren, errenazimendu estiloaren gauzatzea ekarri zuen.

Kanpoko fatxadan, plateresko estiloan landutako goi erliebeek maisu lan aparta dira. Barruan berriz, pietatearen kapera, klaustroa eta mudejar erara apaindutako sabai aberatsa dago.

XVI. mendearen hasieran baita, Juan Lopez de Lazzarraga eta bere emaztea zen Juana de Ganboa, Frantziskotar Klaratarren Bidaurretako Monastegia sortu zuten, Gipuzkoako lehen emakume monastegia.

Zubiaurre dorretxea,  Arantzazu kaleko lehen zenbakian aurkitzen da. Aurreko mendeko eta XVI. mendeko elementuak nahazten ditu, baina ezbairik gabe, jauntxoek agintzen zuten garairen hizpide da.

Oñatiko auzoetan garai desberdinetako altxor monumentalak sakabanatuta daude. Aipagarriak dira XVI. mendeko ondareaz gozatzeko guneak.  Esate baterako, Torreauzo auzoan, Garibai dorretxea aurkituko dugu. Egitura karratua eta soila du eta bere elementu aipagarrienak ertzetan kokatzen diren garitoiak dira.

Era berean, Borjako San Frantziskoren urratsak jarraitzeko aukera daukagu. Antsolopetegi auzoan, Magdalenaren ermitaren ondoan bizitzen egon zen 1551tik 1553ra bitartean. Sakristiaren gainean Borjako San Frantziskoren kapera dago eta bertan, tradizioaren arabera, santuak lo egin zuen bankuaren zati bat.