Antioko Baselizatik abiatuta, pista asfaltatu batek Zumarragako San Gregorio auzoaren goialdera eramango gaitu, mendian behera eta baserri batzuetara ezker-eskuin doazen bideak bazter batean utzita. Antio Hiribidean eta San Gregorio kalean barrena joango gara, Eitzagako Gainera iritsi arte; han, Santa Engrazia ermita dago. Bergara eta Legazpirantz doan errotondatik San Isidro auzora igoko gara, zeruertzean Aralar mendiaren handitasuna ageri zaigula. Gero, Eskualdeko Ospitalearen atzealdetik jarraituko dugu, bertako sarbidera iritsi arte (1,7 m, 30 min.).

Ospitaletik (Argixao auzoa), bideak ezkerretara jotzen du Bidaurreta baserrirantz, Elgarresta auzoan; han, pista bat hasten da. Oro har hegoaldera goazela, bideak hainbat etxe zeharkatzen ditu. Gero, bidegurutze batera iritsi, eta eskuinean, Oruezabaleta baserria utziko dugu. Ezkerretara egingo dugu, aldapan gora, eta bidegurutze asko saihestuta. Zuhaitzen artean ezkutaturiko hainbat eraikuntzak adierazten digute Goiko txabolara iritsi garela (2,8 km, 1 h).

Gure ibilian, Zumarragamendi mendebaldeko hegaletik inguratuko dugu, eta behin aldapa gaindituta, berehala Argixaoko lepora iritsiko gara. Ekialderantz, Usurbeko gailurrak eta Izaspirantz doazen mendiak ikusiko ditugu. Trapalata mendi-hegalaren gainean gaudela, hegoalderantz jo eta Irazola baserrira iritsiko gara (5,5 km, 1h 30’).

Hasieran porlanezko pistan, eta gero, bidexka estuan, tarteka pago batzuk dituen pinudi bat zeharkatuko dugu. Gaintxiki mendia inguratu ondoren, bidexka, pista asfaltatu batera iristen da GI-3540 errepidearen bidegurutzean, eta Atagoiti baserrira eramango gaitu (6,8 km, 1 h 50’).

Legazpi herriaren gainean gaudela, Aizaleku mendian gora egingo dugu, insignis-pinuen sailen artean. Gailurrera doan bidea gainditu ondoren, gure aurrean ikuspegi zoragarria agertuko zaigu ekialderantz: Gabiria ibarra, Usurbeko tontorra eta Aralar Mendia. Bidea mendian behera hasten da, Aztiriarantz, pinu eta bazkalekuen artean. Hainbat baserrik adierazten digute auzo horretara iritsi garela; auzunea aurreraxeago dago, GI-3520 errepidearen bidegurutzean, Santa Marina Baseliza dagoen tokian (9 km, 2 h 20’).

Bidea Biurrain baserrirantz jaisten da porlanezko pistan behera, eta haritz eta pago handi batzuk dituen pinudi batean barneratuko gara. Bidexka pixka bat igo eta hainbat pista dituen mendi-eremu batean sartzen da. Borda abandonatu bat gainditutakoan, basoan behera doan pista bat hartuko dugu. Porlanezko pista bat gurutzatu ondoren, eskuinera doan bigarren bidea hartu eta, gero, GI-3520 errepidera iritsiko gara (12,6 km, 3 h10’).

Errepideari mendebalderantz jarraituko diogu zubi bat zeharkatu arte; gero, pistan aurrera egin eta eskuineko bide batetik aterako gara. Bidea landaretzak erdi janda egon daiteke. Mirandaolaraino jaitsiko gara poliki baso mistoan behera, trenbidea tunel estu batetik gainditu ondoren (14,3 km, 3 h 30’).

Mirandaola parketik, ibilbidea Urola ibaian gora doa, ibaiertzeko haltzadian barrena, Telleriarterantz eta bertako baserri auzoetarantz. Brinkolara iritsi bitarteko bidean, azalpen jakingarriak izango ditugu bidelagun, bai Urola ibaiaren mendez mendeko aprobetxamenduaz, bai ibaian egindako lan hidraulikoaz; batzuk eta besteak behar-beharrezkoak izan dira burdinolentzako (16,5 km, 4 ordu)

Antioko Baseliza-Brinkola

Baserri giroan murgilduta, bidea mendian gora doa, Argixao eta Trapalata mendien begiradapean; baso zabal handiak bazter guztiez jabetuko dira. Bideak beharturik, Aizaleku mendi puska inguratu eta Santa Marinara iritsiko gara; hau da, Aztiriako oinetan dagoen baselizara. Legazpitik hurbil, badirudi giroa garai bateko burdin baltsamoz zipriztintzen dela, eta Mirandaola Parkeak omenaldia eskaintzen dio antzinako jarduera horri.

Irteera-puntua: La Antigua

Helduera-puntua: Brinkola

Distantzia: 16,50 km.

Denbora: 4:00 ordu

Malda: 586

Deskargak: GR-120 bigarren etapa

Mide: gr_120_2_mide_.pdf