Ibilbide honek Oñatiko ibarreko ikuspegi interesgarria eskaintzen digu. Hirigunetik abiatuz, Garagaltza auzoko baserrietara darama, tartean, antzinako bide sarearen aztarnak erakutsiz.

San Juan Kalearen amaieran eta Etxebarrialde baserriaren alboan dagoen Aingeru Guardakoaren Santutxu paretik hasiko dugu ibilbidea. Garai batean hemen hasten zen Oñatitik Leintzerako galtzada nagusia eta guk ere galtzada bera erabiliko dugu tarte batean.

  1. San Juan ermita: Etxebarrialde atzeko errotonda eta saihesbide gaineko zubia pasako dugu, gorantz, ezkerraldetik hartuta. Metro batzuk egin ondoren, eskumatara dagoen bidezidorretik Garagaltzako San Juan ermitaraino helduko gara.
  2. Kurpide: Ermita ondoko posaeratik Gaztelondo baserrietara jo eta aurrerago galtzada zaharrera itzuliko gara, zuzen Kurpide baserrirantz joateko. Ezkerretara geratuko zaizkigu Santa Ana komentu berria eta Okumardi baserria.
  3. Kamamuiño baserria: Aurrera jarraitu eta ezker aldera hartzen duen senda batean eskailera txiki batzuk ikusiko ditugu eta aurrerago, aldapan gora dagoen pinudi bat zeharkatuko dugu, baina merezi du igotzeak Kamamuiño baserritik ikusten diren bistez gozatzeko.
  4. Eguzkitza erreka: Aurrera jarraituko dugu, Iruatz baserri ondotik pasa eta Eguzkitza errekaraino. Ibi batetik igaroko dugu; ur asko datorrenean kontuz pasa behar da. Aurrerago beste ibi bat dago, baina honetan, gurdibidea uretan sartzen da eta oinezkoentzat zubitxo bat dago. Mota honetako ibiak, bi besterik ez dira Gipuzkoa osoan. Zubia pasa eta bidegurutzean ezkerretara hartuko dugu errekaren ondotik Artixa errekaraino. Laster bidea porlanezkoa da. Lamiategin gaude berehala.
  5. Zuazolako errotako presa: Eguzkitza errekaren gainetik pasako gara berriz eta Artixa errekaren eskumatik jarraituko dugu. Iraban baserriko kiwi-sailen albotik pasa eta bidegurutzean ezkerretara hartuko dugu. Laster ikusiko ditugu Zuazolako errotako presa eta presapeko amuarrain-lekua.
  6. Usakoko presa: Eskuinera jo eta aldapa hasi baino lehen erreka aldera egingo dugu berriro; erreka-ertzetik Usakoko presa gainera iritsiko gara. Gero, goitik datorren porlanezko bidezidorrari heldu eta aldapan gora Zuazolan utzitako pistarekin bat egingo dugu berriz XVIII. mendekoa den Urrutxu baserri inguruan.
  7. Hilerria: ibilbidearen azken zatira iritsi gara. Aurrera jarraitu eta laster ikusiko dugu Oñatiko hilerria. Hemendik metro batzutara Etxebarrialde baserrian gaude berriz ere, ibilbidearen abiapuntuan.

1. Garagartza auzoko San Juan ermita

Paraje oso altua ez bada ere, Oñatiko ibarra, hirigune osoa eta hainbat baserri-auzo ikus daitezke muino estrategiko honetatik.

2. Eguzkitza errekako ibia

Eguzkitza erreka zeharkatzeko hainbat zubitxo eta ibi daude baina Iruatz eta Errotatxo artean aurkituko dugu benetan interesgarria den bat; gurdibidea uretan sartzen da baina oinezkoentzat zubitxo bat dago. Larraña auzoko Korta errekan aurkitzen denarekin batera Gipuzkoa osoan bakarrenetakoa ohi da era honetako pasabideetan.

3. Lamiategi

Paraje honetan hainbat elementu interesgarri aurkituko ditugu; 1488tik orain dela urte gutxi arte lanean aritu den errota, une batzuetan hiru ur-salto eduki omen zituena eta oraindik ere gordetzen ditu garai bateko antapara zaharra, hainbat errotarri eta erreka aldera dagoen errotapea, besteak beste; Artixa errekaren gaineko zubia ere ikusgarria da, zubipeko harkaitzak eta osinak bezala.

4. Hilerria

Oñatiko hilerria benetan interesgarria da, bertan aurkituko ditugu eraikuntza aipagarriak; estilo neoklasikoan egindako sarrerako ataria eta kapera nagusia. Erdigunean, Oñatin euskarazko inskripzio zaharrenak dituen gurutze bat ere badago.

pr-gi-107