Ibilbide honetan Aretxabaletako eta Eskoriatzako hainbat elizate zeharkatuko ditugu, baina ibilbidea Aretxabaletan hasi eta amaitzen da.

Aretxabaletan GI-3920 errepidea hartu Aramaioko norabidean. Berehala, GI-3132 Izurieta elizateko errepidea ikusiko dugu.

  1. Izurieta elizatea: Errepidea jarraitu aldapan gora Izurieta Aurrekoa baserriarekin topo egin arte. Eskuin aldera Izurieta elizateko Izurieta Azpikoa eta Olabena baserriak eta San Pedro parrokia daude.
    Aurrera egin gorantz asfaltozko bidetik eta Ametzaga Garai baserriaren albotik pasa ondoren lurrezko pista hartu beharko dugu. Pinudien artean joango gara Galartza elizateko Naparrena baserrira ailegatu arte. Eskuin aldera begiratuz gero, Arrasateko Udalatx mendia, Udala auzoa eta herria bera begiztatu daitezke.
  2. Galartza elizatea: Puntu honetan GI-3133 errepidea hartuta Alkurrena eta Etxezuri baserrien ondotik, Tauleruena Txiki baserriaren aldamenera iritsiko gara. Eskuineko errepidea hartuko dugu eta hainbat baserriren ondotik pasa ostean, Gellao elizatea ikusiko dugu Gi-3920 errepidera itzulita. Eskuineko bidea hartuko ez bagenu, Galartzako parrokiara eta dorretxera helduko ginateke.
  3. Gellao elizatea: Gi-3920 errepidean gora jarraitu eta lehen bidegurutzean ezkerreko bidea hartu. Laster Etxebe baserrira helduko gara eta aurreraxeago, poliki-poliki, Eskoriatzako Apotzaga elizatera. Bidearen tarte honetan Aramaioko Untzila auzoko ikuspegi dotoreak ikusi ahal izango ditugu.
  4. Apotzaga elizatea: San Migel parrokiaren atzealdetik pasatu ondoren bertako hilerri ezagunera joango gara, handik abiatzen baita Aretxabaletara bueltan eramango gaituen lurrezko bidea. Berehala, San Bernabe ermitarekin egingo dugu topo. Maldan behera jarraituko dugu Apotzaga-Etxeberri auzoko baserrietara daraman errepideraino. Inguru hauetan San Blas edo Sailuente baseliza dago.

Aldapan behera jarraituko dugu errepidetik eta Antxustegi baserri ondotik pasa eta gero Aretxabaletako Kiroldegiraino helduko gara.

Hemen bukatzen da ibilbidea.

  1. Izurieta elizatea: Aretxabaletako hirigunetik gertu dagoen elizate honetako parrokia da San Pedro eta erromanikoko zenbait aztarna gordetzen ditu. Hamar baserrik osatzen dute eta bertan Izurieta Azpikoa baserria nabarmentzen da. Jaiak ekainaren 29an dira.
  2. Galartza elizatea: Murugain mendiaren magalean dago eta bere erdigunean Santa Lutzia parrokiaren alboan, Galartzako Dorretxea dago. Eraikin hau XIV. mendekoa da, harri gorriaren gainean jasota dago eta gerra garaitik gaur arte aldaketa asko izan ditu. Galartza leinuaren oinetxe hau gotorlekua eta babesleku izan zen etxea baino lehen. Galartzatarrena Leintz Bailarako leinurik nagusienetarikoa zen Erdi Aroko azkenaldian. 1999. urtean Aretxabaletako Udalak berreraikitze lanak burutu zituen.
  3. Gellao elizatea: Eskoriatzako elizate honetan Andra Mari Jasokundearen parrokia, ate erromaniko interesgarria duena, azpimarratu daiteke. Gainera, Aramaioko errepidean Paduako San Antonioren ermita dago, eta haren lehen aipamenak 1653koak dira. Errepidez Aretxabaletatik heltzen da, nahiz eta Eskoriatzako Apotzaga elizatetik hiru kilometrora besterik ez izan.
  4. Apotzaga elizatea: Aztarna arkitektoniko erromaniko eta gotiko ugari dituen San Migel parrokiaren alboan dagoen Apotzagako hilerri zirkularra oso ezaguna da. Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen. Hemendik gertu San Bernabe ermita dago. Bestalde, azpimarratzekoak dira Kurtzebarri, Anboto eta Udalatxeko bista ederrak.