Ibilbide honetan isurialde atlantikotik mediterraneokora pasatuko gara. Bertan hainbat landaretzaren aldaketa ikusiko ditugu: pagadiak, hariztiak eta ibar-basoak. Gainera, gizatiartuagoak diren garo gune artean eta Pagoeder eta Goierri auzoan sakabanatuta dauden baserri artean ere ibiliko gara.

Gailurretik, Zadorrako urtegiaren eta Gorbea eta Albertia inguruetako ikuspegi ederraz gozatu ahal izango dugu.

Ibilbide hau Leintz Gatzaga Erdi Aroko hirigunetik abiatzen da; Elexalde eta Ostatu jauregien parean dagoen autobus geltokitik, alegia. Seinaleak jarraituz, baratzen artean doan bidexka jarraituz, GI-3310 errepidera helduko gara. Errepidea gurutzatu ondoren Arrate baserria ikusiko dugu eta aurrerago, Okondokoa baserriaren albotik pasa eta Aterbe landetxera iritsiko gara.

  1. Vasco-Navarro trenbidea: Hemendik, Gi 3310 errepidean gora jarraituz, Vasco-Navarro trenbidearen zubira helduko gara; trenbidea zihoan bidetik jarraituz Goierri auzoa zeharkatuko dugu eta San Martin baseliza albotik pasako gara.
  2. Goierri auzoa: Trenbidearen bidetik jarraituko dugu gure bidea Katategi baserriraino. Hemen, bidea utzi eta ezkerrera joko dugu Oliakua baserrira iristeko.
  3. Isuskitza: Ondoren, Isuskitza mendiaren inguruetara eramaten gaituen igoera hasten da, bidean Leintz Gatzaga, Eskoriatza eta Aitzorrotz inguruetako paisaiez eta aldi berean, bertako landaretzaz gozatu daiteke; ikusgarriak dira bertako pagadiak.
  4. Landa: Ibilbidearen seinaleak eta gurutze-bidea jarraituz Zadorrako urtegira jaisten hasiko gara, garai batean Landan zegoen tren geltokitik gertu.
  5. Vasco-Navarro trenbidea: Landan, PR-Gi 38a Gasteiztik datorren Zadorrako Natur Bidearekin elkartzen da. Bide hau jarraituta Gipuzkoako mugara iritsiko gara eta trenbidearen bidea jarraituz, Leintz Gatzagara. Dena den, trenbidearen bidea Gure Ametsa jatetxearen inguruan alde batera utziko dugu jatetxearen atzealdetik basoko pista hartuz Gi 627arekin topo egin arte. Errepidea gurutzatu eta trenbidearen bide zaharretik Leintz Gatzagaraino helduko gara.
  1. Leintz-Gatzagako Erdiaroko Gunea: Leintz Gatzagako hirigunearen edertasunak garai bateko ospea irudikatzen du: hiru kale paralelo ditu eta horiek zeharkatzen dituen beste kale bat dago. Jatorrian herrira sartzeko ateak zazpi ziren arren, gaur egun bost baino ez daude; mendebaldekoa da nagusia eta Gaztela-Leongo armarria du. Hirigunean dauden etxeak, ilaratan daude antolatuta. Erdian, eliza eta hamabi tutuko iturria “as de copas” bezala ezagutzen dena. Gaur egun, Leintz Gatzagak jauregi eta dotorezia handiko eraikin ugari ditu; aipagarriak dira baita ere eraikinetako blasoiak, armarriak eta portaleak
  2. Zurtitzako San Matin Ermita: Goierri auzoan dagoen antzinako ermita hau 1331n erantsi zitzaion San Millango parrokia nagusiari. Jatorrizko bataiarria aurkituko dugu barruan. Uztaileko lehenengoko igandean erromeria izaten da San Martin eguna ospatzeko.
  3. Vasco Navarro Trenbidea: Leintz Gatzagan trenbide zaharraren bideak 5 km ditu Goierri auzotik Landaraino. Trenbidea Lizarra eta Durango artean eraikitzeko baimena Herran Anaiek lortu zuten 1882an. Lau urte eta gero The Anglo Vasco Navarro Railway Company Limited sortu zuten.Vitoria-Gasteiz eta Durango arteko trazadura egiteko lanak 1887ko urtarrilaren 20an hasi ziren eta 1888ko otsailaren 13an zabaldu zen Vitoria-Gasteiz eta Leintz Gatzaga arteko ibilbidea.

pr-gi_38