Ibilbide honek herrigunea lotzen du Garagartza eta Gesalibar auzoekin. Garagartzan daude Arrasateko kobazulorik ezagunenak. Guztien artean nabarmentzekoa da Lezetxiki. Han Jose Miguel de Barandiaranek aurkitu zuen Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrena. Gesalibar auzoaren izenak esan gura du “ur gazien ibarra”. Ur sufretsua (uretza) erabiltzen zen gaixotasunak sendatzeko, eta bainuetxe ospetsu bat zegoen, Santa Ageda. Eraikuntza horiek, gaur egun ospitale psikiatrikoa, monumentu multzoa osatzen dute.

Barrenatxo errota: errota hau Ibarretako burdinola-gunearen parte zen Erdi Aroan. Bañez de Artazubiaga familia boteretsuaren esku zegoen. Mendea joan mendea etorri, errotak eraldaketa ugari jasan zuen, eta XIX. mendean, kanoien zuloa egiten (erderazko “barrenar”) zen bertan, eta hortik dator, hain justu ere, Barrenatxo izena.
San Migel eliza: habearte bakarrekoa da, XIII. mendekoa, eta absidea oktogonala du; tenpluan gordetzen da erretaula plateresko eder bat. Sarreran, portadak ditu, arku arinki zorrotza eta hiru arkibolta. Kondaira batek dio lamia bat, inguruko koba batean bizi zena, hurbildu zela tenpluaren atarira, maite zuen gazte baten hileta egunean, Korreoena baserrikoa bera. Lamia gogorarazten duen eskultura dago Garagartza elizateko plazan.
Ibarretako gurutzeak: gurutze bi horiek Ganboa eta Oñaz leinuen mendekuen lekuko dira, Erdi Aroan gertatuak. 1464an Ibarretako burdinolaren jabeak Martin Bañez de Artazubiaga eta Juan de Barrutia hil zituzten bertan, 1448an parte hartu zutelako Arrasateko erreketan Butron jaunaren hilketan. Istorio horiek jasota daude ahozko euskal literaturan, Sancha Ochoa de Ozaeta alargunak kantatua Martin Bañezeresian eta Arrasateko erreketa balada anonimoan.
Akiso zubia: izen bereko baserriaren ondoan kokatua; eragina izan zuen Garagartzaren garapenean. XVI. mendean eraiki zen, egurrezko beste zubi baten ordez, izan ere, ziklikoki uriolek hondatzen zuten eta.
Santa Agedako bainuetxea: garai batean oso ezaguna izan zen, inguruan zeuden uretzak zirela-eta. Ilustrazioaren jarrera izan zen higienearen eta osasunaren aldekoa, eta haren eraginez 1825. urtean eraiki zen Santa Agedako bainuetxea. Antonio Cánovas del Castillo, Gobernuko presidentea, anarkista batek hil izanak gainbeheran jarri zuen bainuetxearen ospea 1897an. Berrirekitzea kudeatu zuten Hospitalarias de San Juan de Dios ordenak eta Hermanas del Sagrado Corazón ordenak, eta gaur egun duen gaixoetxe funtzioa orduantxe eman zitzaion.