Oñatiko Araotz auzotik Jaturabaeko urtegira joko dugu errepide bazterretik eta Arrikrutzeko kobaren sarreraraino hurreratuko gara, handik baserri-bideetatik zehar Arantzazuko santutegira iristeko. Hemen hasiko da gaurko aldaparik latzena, Biozkorniako lepora ailegatu arte ez baitugu atsedenik izango. Biozkorniatik aurrera, ordea, dena beherantz egitea tokatuko zaigu, Kataberaraino lehenengo eta, bide zaharrak erabiliz, Oñatiko Murgia auzoraino ondoren. Hutsa falta zaigu Oñatiko herrigunera heldu eta etapa amaitzeko.