Ibilbide honek Bolibarreko elizate osoa zeharkatzen du, hartara elizateak dituen nekazal inguruneak ezagutu ahal izango ditugu eta baso zoragarriez eta ingurune historikoaz gozatuko dugu.

Eskoriatzatik Bolibarrera doan errepideko zubia zeharkatu eta eskuin aldera doan zementuzko pistatik abiatuko gara. Berehala eskuinean dauden eskaileretatik depositu zaharrerantz joango gara. Ibilalditxo baten ostean naturalki sortutako harizti batetik pasako gara.

  1. Agiriano baserria: Pixka bat aurrerago bidezidor batetik lehen utzi dugun zementuzko pistara jaitsiko gara ondorengo bidegurutzeraino. Ezkerrean dagoen Agiriano baserrira ailegatzen garenean, gora jarraitu lurrezko pista batetik arte handi bat ikusi arte. Artearen parean, ezkerrera hartuko dugu eta egurrezko hesi bat pasa eta gero, pistatik joango gara hurrengo bidegurutzeraino. Ezkerreko pistatik behera Bolibarreko hilerriaren pareraino ailegatuko gara.
  2. Bolibarko elizatea: Errepidea jarraituz Bolibarko San Migel parrokia ondotik pasako gara. Metro batzuk aurrerago eskerrerantz desbideratuko gara iturri inguruan hasten den lurrezko bidea hartuta. Lehenengo bidegurutzean ezkerreko pista hartu eta 300m aurrerago egurrezko hesia eta erreka pasatuko ditugu eta beste bidegurutze batera heldu arte jarraituko dugu. Hurrengo bidegurutzean ezkerreko pistatik ibiliko gara. Bolibar erreka ondotik pasa eta gero, errepidera helduko gara. Aurreraxeago eskuinerantz joango gara eta gero, berriro eskerrerantz zementuzko pistatik jarraitzeko.
  3. Eraña auzoa: Bigarren bidegurutzean ezkerreko gurdibidetik jarraituko dugu. Pinudia igarota, laster haritz eder bat ikusteko aukera izango dugu eta aurrerago Axtrokiko bista ederrak. Porlanezko pistara bueltatuz aurrera segituta Eraña auzoko San Andres ermitaren alboan dagoen iturrira iritsiko gara. Zuzen jarraitu Leteko bidegurutzeraino.
  4. Lete auzoa: Pistatik jarraituko dugu. Eskuineko bidegurutzetik Mendiolako elizatera daraman bidea dugu. Aldapan behera abiatuko gara pistatik eraikuntza berridun baserri batetik gertu.
  5. “Vasco-Navarro” trenbidea: Jaitsiera zelai eta baso artean egin ondoren “Vasco-Navarro” trenbideraren trazadurara helduko gara. Esteibar baserria eta industrialdea gure parean ikusiko ditugu.
  6. Eskoriatza: Trenbide zaharraren bidetik, Eskoriatzara helduko gara, hau da, ibilbidearen hasierako gunera.

1. Bolibar elizatea

Aitzorrotz mendiaren magalean, San Migel parrokian, XVIII. mendeko egurrezko ganga eta leiho erromanikoa aipatzekoak dira. Bertako begiratokitik Bolibar haranaren paisaia liluragarriak ikus daitezke. Hurbil, antzinako erlategia, garbitokia eta Uretz baserria daude.

2. Eraña auzoa

Bolibar elizateko auzo honetan daude Axtrokiko haitzak, non Hallstat garaiko urrezko bi katilu aurkitu ziren. Pareta hauek oso ezagunak dira eskalada egiten dutenenen artean. Bestalde, San Andres ermitaren alboan Erdi Aroko sarkofagoak daude eta oso gertu, Puntiagako tumulua.

3. Lete auzoa

Santa Lutzia ermita aurkitzeaz gain,bista ederrak ditu auzoak (Udalatx, Anboto, Izpizte, Tellamendi, Orixol, Kurtzebarri, Murugain…). Halaber, hemendik Mendiolara joan daiteke eta handik, Urkuluko urtegira.

4. Vasco-Navarro trenbidea

“Vasco-Navarro” trenbidea Debagoiena eta Ega ibaiaren eskualdeak elkartzeko sortu zen. 1919ko irailean Gasteiz eta Bergara arteko zatia inauguratu zen eta 1967ko abenduaren 31n egin zuen bere azken bidaia.

5. Eskoriatza

Hirigune historikoak baditu bere leku interesgarriak, hala nola: etxe eta plaza bitxiak, Errosario Santuko Ospitalea (gaur egun Unibertsitatea), San Pedro eliza, Benlliure eskultore ospetsuak Jose Aranari egindako panteoia herriko hilerrian eta Ibarraundi museoa.

PR-gi 99