Bergaran Elosurako bidea (GI-3750) hartu eta Gorla parajera iristen garenean bigarren kantina, errepidearen ondoan eskumaldera dagoena, ikusiko dugu. Kantina hontatik ateratzen den bidea jarraituko dugu, errepidearen paretik eta zertxobait igo ondoren,  jaitsi egingo gara zabalgune lasai batera iritsiz, bertan Santutxuko ermita dago.

  1. Santutxu: Hemen, Elosumendi eta Pol-Poletik pasatuz, Irukurutzetara doan bidea hartuko dugu. Bidea segi eta Labeaga baserria eskuman utzi ondoren aurrerago jarraitu eskumaldean asfaltatuta dagoen bidetik.
  2. Agerreburu trikuharria: Goraino igo baino zertxobait lehenago, bidearen ezkerraldean, Sorusaitza mendi tontorraren alboan dagoen Agerreburu trikuharria aurkituko dugu.
  3. Maurketako tumulua: Itzuli berriro bidera eta 30 m. jeitsi ondoren ezkerretara hartu eta han ikusiko dugun bidea jarraitu behar dugu. Bidea mendiek markatzen duten bana lerroaren ezkerretik doa; hortik segi. Hemendik beherantz jarraituz “Frantses baso” deritzan parajera sartuko gara; hemen alertze pinuen artean aurkitzen da Maurketa tumulua.
  4. Keixetako-Egia Hegoaldekoa trikuharria: Tumulua utzi eta bordetara doan bidea jarraitu, borda eskumaldean utzi eta segi aurrera; Leiopago mendiaren IM magalean, gailurretik 400 bat metrora Keixetako-Egia Hegoaldekoa trikuharria dago eta 100 m.ra Iparraldera Keixetako-Egia Ifarraldekoa.
  5. Pol-Pol iturria: Bueltatu berriro utzitako bidera eta beherantz jarraitu, lepora iristerakoan hartu ezkerrera eta 300 bat metrora dago Pol-Pol mendizale elkartekoek jasotako iturria. Gorantz jarraitu ezkero Irukurutzetako trikuharrira heltzen gara.
  6. Irukurutzeta: Mendebalderantz Karakatera doan bidea hartu eta, 500 metrora gutxi gora behera, beste eraikuntza megalitikoa aurkituko dugu. Kurutzebakar; 200 metrora, hego-mendebalderantz, Aizpuruko-Zabala trikuharria ikusi daiteke.

Ibilbidearen erdia egina dago. Bueltatzeko Soraluze eta Bergara arteko herri-mugatik doan pista hegoalderantz jarraitu, zonalde lau batera heldu arte. Hemen, ipar-ekialdeko pista hartu eta jarraitu mota guztietako ibilgailuentzat dagoen pistarekin topo egin arte. Honen bukaeran lehen egin dugun bidearekin egingo dugu topo. Honek kantinaraino eramango gaitu, hau da, ibilbidearen irteera tokiraino.

  1. Gorla: Leku aproposa famili giroan naturaz gozatzeko. Bertan Iturriberri eta Askaburuko atseden guneak daude.
  2. Agerreburuko trikuharria: Telebistako antenatik ipar-mendebaldera, 100 bat m.ra lekutzen da. Aranzadi, Barandiaran eta Egurenek trikuharri honetan zabalduriko kraterrean ganberaren bi harlauza ikusten dira. 1921eko indusketan giza-aztarnak eta zeramika zatiak jaso ziren. Azken hauekin posible izan zen ontzi oboideo txiki baten profila berreirakitzea. Garbiketa egin zenean harri leunezko aizkora bat aurkitu zen.
  3. Maurketa tumulua: Inguru honetan dauden bordetatik 79 metro HMra aurkitzen da. Eskuraturiko materialen artean zeharkako trunkadura duen trapezio asimetriko bat eta harri beltzezko bi kolare-ale aurkitu ziren.
  4. Keixetako-Egia Hegoaldekoa Trikuharria: Trikuharri hau industu aurretik izan zen arakatua. Industaileek ganbarako hiru harlauza zutik eta beste bat, estalkirako, aurkitu zituzten. Materialen artean zeramika zatiak, harleunezko aizkora txiki bat, kirten eta hegaldun gezi-punta bat,…aurkitzen dira.
  5. Pol-Pol iturria: Atseden gune txiki honetan iturriaren inguruan mahaiak daude. Hemen izen bera duen erreka sortzen da, hau,  Bergarako ur-baliabide garrantzitsuena izan den orain dela gutxi arte.
  6. Irukurutzeta trikuharria: Urtero, maiatzaren lehenengoko igandean erromeria ospatzen da, erromeria honek kutsu erlijiosoa zuen; kapelaren zintan gurutze bat zeramala Lezarrisoro baserriko agure bat igotzen omen zen eta honekin batera jendea.

BISITA GIDATUAK DOHAINIK: 2019 ko maiatzak 26, ekainak 29, uztailak 7, 14, 21 eta 28, eta abuztuak 10.

Hizkuntza: maiatzak 26 (euskaraz)ekainak 29 (euskaraz), uztailak 7 (gaztelaniaz), uztailak 14 (euskaraz), uztailak 21 (gaztelaniaz), uztailak 28 (euskaraz) eta abuztuak 10 (gaztelaniaz).

Irteera puntua: 10.00etan, SORALUZEN – Karakateko aparkalekuan.

Zailtasuna: Erraza.

Gomendatutako adina: 7 urtetik aurrera.

Iraupena: 3 ordu eta erdi.

Beharrezko materiala: Oinetako eta arropa erosoak.

Prezioa: DOHAINIK!

Izen-ematea: 657 79 46 77 telefonora deituz edo info@begi-bistan.com helbidera idatziz.

https://www.debabarrenaturismo.com/eu/oferta/dolmenen-ibilbidea

Beste aukera batzuk...