XVII. Musikaldia ospatuko du Arrasatek apirilaren 16tik 25era

Guztira 6 emanaldi eskainiko dira bi asteburutan banatuta eta guztiak arratsaldeko 19:00etan egingo dira osasun, segurtasun eta higiene neurri guztiak bermatuta.

Datorren apirilaren 16tik 25era  XVII. Musikaldia ospatuko da Arrasaten. Musikaldiak ibilbide luzea darama jada herrian eta urteak pasa ahala, erreferentziazko jardunaldia bilakatu da. Hasiera batean musika klasikoaren inguruan antolatzen zen arren, urteekin egokituz joan da, mota eta estilo desberdineko ekitaldiak jaso ditu eta gaur egun, Arrasateko musikarien erakusleiho ere bilakatu da, bai izen propio zein musika taldeentzat. Aurtengoan, esaterako, gure artean izango ditugu, besteak beste,KUP taldea, Garikoitz Mendizabal txistujolea eta Arrasate Musikaleko Orkestra.

“Kultura gure lan ardatz nagusietakoa da eta herriko kultura eskaintza zabaltzea eta kultura bera sustatzea ditugu helburutzat; horregatik, beste urte batez, egitarau zabal eta anitza antolatu dugu, bereziki garai gogor hauetan, kultur eragileen lana balioan jarri eta indartzeko”, azaldu du Juan Ramon Mendieta, Kultura zinegotziak.

XVII. edizioak sei ekitaldi batzen ditu guztira, ohikoa den bezala, bi asteburutan banatuta, apirilaren 16an, 17an eta 18an lehen hiruak eta 23an, 24an eta 25ean gainerakoak. Kontzertu guztiak arratsaldeko 19:00etan ospatuko dira eta osasun, segurtasun eta higiene neurri guztiak bermatuta egongo dira, ikusle zein parte-hartzaileen ongizatea lehenetsiz.

Ondorengoa da Musikaldiko egitaraua:

Apirilak 16, ostirala, Kulturateko Areto Nagusian:

  • Garikoitz Mendizabal eta German Ormazabal. Txistua eta pianoaren arteko fusioa.

Apirilak 17, larunbata, Kulturateko Areto Nagusian:

  • Aris hirukotea.

Apirilak 18, igandea, Kulturateko Areto Nagusian:

  • Entrequatre. Gitarra kontzertua.

Apirilak 23, ostirala: San Frantzisko elizan:

  • Arrasate Musikaleko Orkestra.

Apirilak 24, larunbata, Kulturateko Areto Nagusian:

  • Azul hirukotea.

Apirilak 25, igandea, San Frantzisko elizan:

  • KUP taldea.

Udaberriko kultur programa oparoa

Musikaldiaren XVII. Edizioarekin batera, udaberrirako antolatutako kultur programaren berri eman du Arrasateko Udalak.

Azken honek, halaber, ekintza eta ekitaldi mota desberdinak jasotzen ditu, herriko haur, gazte zein helduei zuzenduta, hala nola, hitzaldiak, erakusketak, zinea, musika edota Liburuaren Egunaren ospakizuna ere.

Musikaldiaren kasuan bezala, helburua da kultur sektoreari zein kultur talde eta eragileen lanari bultzada ematen jarraitzea. “Covid-19ak gogor kolpatu du gure gizartea eta bereziki hainbat eta hainbat sektore, horiek artean kulturarena. Arrasatek kulturarekiko egiten duen apustua irmoa da eta, orain inoiz baino gehiago, apustu hori berretsi eta kulturarekiko dugun konpromisoari jarraipena eman nahi diogu, kultur talde eta eragileen lana sustatuz, Arrasatek kulturalki herri bizia izaten jarrai dezan”, adierazi du zinegotziak.

Ondorengoa da Udaberriko kultur programaren egitaraua, ekitaldi motaren arabera sailkatuta:

Hitzaldiak:

“Zuztarrak errotuz” lelo pean, hiru hitzaldi eskainiko dira, guztiak asteazkenetan, arratsaldeko 19:00etan Kulturateko Areto Nagusian:

Apirilak 14:

  • Birginak ala emagalduak? 500 urte baino gehiago emakumeen adoktrinamendutik.
  • Hizlaria: Amaia Nausia.

Apirilak 21:

  • Nafarroaren konkistaren (1512-1525) 50 data garrantzitsu.
  • Hizlaria: Joseba Asiron.

Apirilak 28:

  • Euskalduntze berantiarraren teoria desmontatzen.
  • Hizlaria: Aitzol Altuna.

Liburuaren Eguna:

Apirilak 22, osteguna, 18:00etan Kulturaten:

  • Rodarika: Gianni Rodariren ipuinak proiekzioarekin: Zaku bete ipuin.
  • Miren Larrea, Ion Chavez.
  • 5 urtetik gorako haurrentzat. Aurrez izena eman beharko da.

Apirilak 23, ostirala, 19:00etan Kulturaten:

  • Izaki bereziak: gorputz txotxongiloen ikuskizuna.
  • Roberto White.
  • Mutua.
  • Helduentzat (+16).

Apirilak 28, asteazkena, 18:00etan Santa Marinan:

  • Zorte txarreko otsoak ipuin kontaketa.
  • Maite Franko.
  • 3-4 urteko haurrentzat. Aurrez izena eman beharko da.

Apirilaren 19tik maiatzaren 9ra:

Erakusketak:

Apirilaren 12tik 24ra, Kulturateko Klaustroan:

  • Arrasaste margo taldea.
  • Astelehenetik larunbatera: 17:30-20:30.

Zinea:

Zine emanaldi guztiak Amaia antzokian izango dira, 16:00etan haurrei zuzendurikoak eta 19:00etan helduei zuzendurikoak.

Haur zinema:

Apirilak 10 eta 11, larunbata eta igandea:

  • Barry, el rey de la disco.

Apirilak 18, igandea:

  • Tess eta ni (euskaraz).

Apirilak 25, igandea:

  • Tom eta Jerry (euskaraz).

 

Helduen zinea:

Apirilak 10 eta 11, larunbata eta igandea:

  • Nomadland.

Apirilak 18, igandea:

  • El agente topo.

Apirilak 25, igandea:

  • Dardara (euskaraz)

Musika eta antzerkia: Go!azen kontzertua

Apirilaren 24an, arratsaldeko 18:00etan Go!azen 7.0 taldearen emanaldia eskainiko da Amaia Antzokian. Denboraldi honetako 6 aktore oholtza gainean arituko dira abesten, dantzatzen eta telesailari buruzko kontu dibertigarriak azaltzen. Sarrerak 10€ko prezioa izango du eta aurrez hartu beharko da Udalaren webgunean Amaia antzokiko sarrerak atalean.