Loiola-Antioko Baseliza

Ibilbide luze hau Azpeitian hasten da, Loiolako Santutegian; XVII. eta XVIII. mendeetan eraikitako monumentu gune ikusgarria da. Izarraitz kareharrizko mendigune puska handiaren oinetan, gure bidea Zumarragako Antioko Baselizaraino iritsiko da, Igarateko eta Pagotxetako lepoetan barrena.

Irteera-puntua: Loiola

Helduera-puntua: La Antigua

Distantzia: 15,10 km.

Denbora: 4:00 ordu

Malda: 835

Deskargak: GR-120 lehen etapa googlearth.kml

MIDE: GR-120 lehen etapa

DESKRIBAPENA

Loiola-Antioko Baseliza 

Lehen etapa honen abiapuntua Loiolako Santutegian dago. Ibilbidearen azalpen-tauletako batek adieraziko digu bidea non hasten den. Monasterioaren ondoan dagoen parkeko zuhaiztian helduko diogu bideari, eta berehala, eskuinera doan adarra hartu beharko dugu. Bide horrek Igarako errotaraino eramango gaitu, Gogartetxearen paretik eta Garate anaiaren sortetxearen ondotik igarota (500 m, 10’).

Errepideari jarraitu eta ezkerretara egingo dugu. Gero, eskuineko pista asfaltatuan sartuko gara; igoera nabarmena du eta hainbat baserritara doa. Asfaltotik atera eta Narzabal baserriaren azpialdean dagoen baso pista batean sartuko gara. Ibilian, tarteka, etxeak eta baserriak ikusiko ditugu . Haritz eta pago ale ederrez osaturiko baso txiki bat zeharkatu ondoren, eta malda handia igotakoan, Loiola eta inguruko bazterrak eder eta zabal agertuko zaizkigu. Berehala, pinudi batean sartu eta, hainbat hesi atzean utzita, Garin baserriraino eramango gaituen bide asfaltatura iritsiko gara (3,2 Km, 1h).

Baserriaren atzealdeko zementuzko bideak errepideraino gidatuko gaitu; lehenengo bidean errepidetik atera, eta Murgil eta Kerexeta baserrietara iritsiko gara. Haize leku eta Varela etxeen ondotik igaroko gara. Kerexeta, Aizpuru eta Murgiako bidegurutzeak gaindituta, Makastegi baserrira iritsiko gara. Hegoalderantz jarraituko dugu, harik eta Urtzabal errekako burualdera ailegatu arte; toki horretan, pistak ekialdera hartzen du. Insignis-pinuen sail berrien artean jarraitu eta Igaratera iritsiko gara, garai batean baserri horrek izan zuen bikaintasunaren erakusgarri. Egun, arrastoak iragan garaietako lekuko dira (7,7 Km, 2h 10’).

Igaratetik, Pagoetxeko leporainoko igoerari antzemango diogu. Berezko landaretzaz osaturiko guneak ikusten dira, zeharkatu beharko ditugun baso-sail zabalez inguratuta. Bideak Samiño eta Pagola mendietako magalak inguratzen ditu eta, malda handiegirik gabeko igoera etengabearen ondotik, lepora iritsiko gara. Lepoa bidegurutzea da, eta bideak hara eta hona abiatzen dira. Zizelez landutako monolito batek norabide guztiak adierazten ditu (San Kristobal, Izaspi, Martirieta, Loiola, Samiño) (11Km, 3 h 15’).

Pagoetxetik behera hasiko gara Zumarragaraino, pinudi zabalaz inguratutako pista eroso bat hartuta. Izaspi mendiko tontorraren azpian, beste monolito bat aurkituko dugu, norabide guztien oharrak dituela. Toki hau gure ibilbidearen eta Mandubira doan GR-34.1en arteko bidegurutzea da, baina guk hurbil dagoen Antioko Baselizarantz joko dugu. Beloki mendiko magalak inguratu ondoren, Zumarragako lehen elizara iritsiko gara; hau da, euskal erromanikoaren adibide bikainera. (15 Km, 4 h).

Antioko Baseliza-Brinkola

Baserri giroan murgilduta, bidea mendian gora doa, Argixao eta Trapalata mendien begiradapean; baso zabal handiak bazter guztiez jabetuko dira. Bideak beharturik, Aizaleku mendi puska inguratu eta Santa Marinara iritsiko gara; hau da, Aztiriako oinetan dagoen baselizara. Legazpitik hurbil, badirudi giroa garai bateko burdin baltsamoz zipriztintzen dela, eta Mirandaola Parkeak omenaldia eskaintzen dio antzinako jarduera horri.

Irteera-puntua: La Antigua

Helduera-puntua: Brinkola

Distantzia: 16,50 km.

Denbora: 4:00 ordu

Malda: 586

Deskargak: GR-120 bigarren etapa google earth.kml

Mide: gr_120_2_mide_.pdf

DESKRIBAPENA

Antioko Baseliza-Brinkola 

Antioko Baselizatik abiatuta, pista asfaltatu batek Zumarragako San Gregorio auzoaren goialdera eramango gaitu, mendian behera eta baserri batzuetara ezker-eskuin doazen bideak bazter batean utzita. Antio Hiribidean eta San Gregorio kalean barrena joango gara, Eitzagako Gainera iritsi arte; han, Santa Engrazia ermita dago. Bergara eta Legazpirantz doan errotondatik San Isidro auzora igoko gara, zeruertzean Aralar mendiaren handitasuna ageri zaigula. Gero, Eskualdeko Ospitalearen atzealdetik jarraituko dugu, bertako sarbidera iritsi arte (1,7 m, 30 min.).

Ospitaletik (Argixao auzoa), bideak ezkerretara jotzen du Bidaurreta baserrirantz, Elgarresta auzoan; han, pista bat hasten da. Oro har hegoaldera goazela, bideak hainbat etxe zeharkatzen ditu. Gero, bidegurutze batera iritsi, eta eskuinean, Oruezabaleta baserria utziko dugu. Ezkerretara egingo dugu, aldapan gora, eta bidegurutze asko saihestuta. Zuhaitzen artean ezkutaturiko hainbat eraikuntzak adierazten digute Goiko txabolara iritsi garela (2,8 km, 1 h).

Gure ibilian, Zumarragamendi mendebaldeko hegaletik inguratuko dugu, eta behin aldapa gaindituta, berehala Argixaoko lepora iritsiko gara. Ekialderantz, Usurbeko gailurrak eta Izaspirantz doazen mendiak ikusiko ditugu. Trapalata mendi-hegalaren gainean gaudela, hegoalderantz jo eta Irazola baserrira iritsiko gara (5,5 km, 1h 30’).

Hasieran porlanezko pistan, eta gero, bidexka estuan, tarteka pago batzuk dituen pinudi bat zeharkatuko dugu. Gaintxiki mendia inguratu ondoren, bidexka, pista asfaltatu batera iristen da GI-3540 errepidearen bidegurutzean, eta Atagoiti baserrira eramango gaitu (6,8 km, 1 h 50’).

Legazpi herriaren gainean gaudela, Aizaleku mendian gora egingo dugu, insignis-pinuen sailen artean. Gailurrera doan bidea gainditu ondoren, gure aurrean ikuspegi zoragarria agertuko zaigu ekialderantz: Gabiria ibarra, Usurbeko tontorra eta Aralar Mendia. Bidea mendian behera hasten da, Aztiriarantz, pinu eta bazkalekuen artean. Hainbat baserrik adierazten digute auzo horretara iritsi garela; auzunea aurreraxeago dago, GI-3520 errepidearen bidegurutzean, Santa Marina Baseliza dagoen tokian (9 km, 2 h 20’).

Bidea Biurrain baserrirantz jaisten da porlanezko pistan behera, eta haritz eta pago handi batzuk dituen pinudi batean barneratuko gara. Bidexka pixka bat igo eta hainbat pista dituen mendi-eremu batean sartzen da. Borda abandonatu bat gainditutakoan, basoan behera doan pista bat hartuko dugu. Porlanezko pista bat gurutzatu ondoren, eskuinera doan bigarren bidea hartu eta, gero, GI-3520 errepidera iritsiko gara (12,6 km, 3 h10’).

Errepideari mendebalderantz jarraituko diogu zubi bat zeharkatu arte; gero, pistan aurrera egin eta eskuineko bide batetik aterako gara. Bidea landaretzak erdi janda egon daiteke. Mirandaolaraino jaitsiko gara poliki baso mistoan behera, trenbidea tunel estu batetik gainditu ondoren (14,3 km, 3 h 30’).

Mirandaola parketik, ibilbidea Urola ibaian gora doa, ibaiertzeko haltzadian barrena, Telleriarterantz eta bertako baserri auzoetarantz. Brinkolara iritsi bitarteko bidean, azalpen jakingarriak izango ditugu bidelagun, bai Urola ibaiaren mendez mendeko aprobetxamenduaz, bai ibaian egindako lan hidraulikoaz; batzuk eta besteak behar-beharrezkoak izan dira burdinolentzako (16,5 km, 4 h).

Brinkola-Arantzazuko Santutegia

Ibilbideak burdinolen jarduera garrantzitsuaren gaineko lekukotasuna eskaintzen digu, Urola ibaiko ur jaioberrien ondoan. Barrendiolako urtegia igaro ondoren, gure ibilbidea Aizkorri mendiaren iparraldeko magalean gora joan eta Aizkorri-Aratz parke naturalean sartuko da. Biozkorniako lepora iritsitakoan, bidea gainetik behera amiltzen da, artzaintza eremu gozoak zeharkatuta, kareharrizko harkaitz ederrekin harmonia ederrean. Baso hostotsua bidelagun, azken tarteak Arantzazuko Santutegiraino eramango gaitu, Oñatitik hurbil.

Irteera-puntua: Brinkola

Helduera-puntua: Arantzazu

Distantzia: 10,70 km

Denbora: 3:30 ordu

Malda: 762

Deskargak: GR-120 hirugarren etapa google eartherako.kml

Mide: GR-120 3 mide

DESKRIBAPENA

Brinkola-Arantzazuko Santutegia

Olazar olaren arrastoak Brinkola auzoaren hasiera dira. Auzoa GI-3511 errepideari jarraiki zeharkatuko dugu, Barrendiolako urtegirantz goazela. Urtegiko urak kontrolatzeko etxea atzean utzita, asfalto gainean jarraituko dugu, harik eta presari eusten dion hormara iritsi arte (1,5 km, 25’).

Horma beretik joango gara urtegiaz bestaldera, inguruz inguru urtegian gora doan pistari jarraituta. Eskuineko bide bat hartuko dugu gorantz egiteko eta Frantzikortako lepora iristeko. Arratola mendiaren oinetan gaude (3,3 km, 45 min); hainbat baso pistaren elkargunean, alegia. Ibilbideak gora jarraitzen du, eta gero, leundu egiten da Kortazabalgo lepora iristeko (4,4 km, 1 h 10’).

Pistak koniferoen baso bat zeharkatzen du; tarteka, haritzak eta pago bakan batzuk ageri dira, eta Jarondoko txaboletara iristen da. Pista zabaldu, eta pagoak inguruaz nagusitzen dira. Malda gogortu eta Kataberako meategien arrastoak agertzen dira. Zuhaiztia gure oinetan dago; harkaitza eta bazkalekuak lur lehian ari dira, eta ikuspegia zabala eta ederra da. Bideak Arriurdin mendiko magalean gora jarraitzen du, eta sigi-sagan, Artzanburu eta Arriurdin tontorren artean dagoen Biozkorniako lepora eramango gaitu (6,4 km, 2 h).

Hurbileko seinale batek Arantzazurako norabidea adieraziko digu. Mugarri-ilarari jarraikiz, baltsa baten ondotik igaro, eta berehala, ohartuko gara modelatu karstikoa kareharrien gainean garatu dela. Iturri bat eta hainbat lizar ikusiko ditugu; leku ona da indarrak berritzeko, lepo inguruak ederki jotzen dituzten haize gogorren beroki gisa. Pistak beherantz jarraitzen du eta Eskista esaten zaion aterpe jabedun arraro baten ondotik igarotzen da. Ibilbideak mendebalderantz egiten du, harik eta gure ezkerrean baso txiki batean sartzen den bide bat aurkitu arte; Nazarionea, Alkorta eta Zubillaga txaboletara iritsiko gara. Duru aldera iritsi gara (8 km, 2 h 50’).

Bidearen azken metroak egin, eta iritsiko gara. Jaitsiera ziztuan doa, baso misto batean barrena doan pistan behera, eta Kristo Santuaren guruztokira iristen da. Aurrerago, Goiko Bentara eta Milikuara iritsiko da, bai eta Arantzazuko Santutegira ere; horra hor gure erromesaldiaren helmuga (10,7 km, 3 h 30’).