Bergarako hirigune historikoa zeharkatzerakoan Erdi Aroko egituraz ohartzeko aukera izango dugu. Hiru kale nagusik osatzen dute: Barrenkale, Artekale, errege bidearekin bat egiten zuenak, eta Goenkalea. Hauetaz gain beste kantoi eta zeharkako kalexkak ere ikusiko ditugu.

Badirudi hesi batez inguratuta zegoela garaiko beste hiribilduak bezala, hala ere, ez dira aurkitu perimetroa zehazteko behar diren adina aztarna.

Erdiguneko eraikuntzak, garai desberdinetakoak badira ere, horien guztien artean Erdi Aroko elementuak mantendu dituzten batzuk daude. Adibidez: Goenkaleko 2. zenbakian dagoen arku konopiala duen atea (gaur leihoa), 3. zenbakiko balkoi gotiko ikaragarria edota Arrese kantoiko leiho bikia.

Garai bateko Erdi Aroko erdigunea gaur koloretan ikus daiteke. Bergara koloretan egitasmoaren bitartez, Bergarako artistek erdigune historikoko 40 erakusleiho modu berri, dotore eta orijinal baten bidez apaindu dituzte. Lehen lokal ilun eta hutsak zirenak, orain arte galeria bihurtu dira margolanak kanpoko aldean kokatu dituztelako.