Arrasateko erdi aroko aztarnak gaur egun arte heldu zaizkigu, batez ere egitura aldetik. Oraindik, erdi aroko itxura eliptikodun multzoa erraz nabarmentzen da eta harresiaren zatitxo bat ikusteko aukera dago Zerkaostieta kalean. Luzetarako hiru kalek osatzen dute alde zaharreko planta: Iturriotz, Erdiko Kale eta Ferrerias kaleak.

Herrira sartzeko hiru sarrera heldu dira gaur arte: Zurgin kantoiko atea, zaharrena; Kanpartopeko atea eta Portaloia. Azken hau Erdiko Kalearen hasieran kokatuta dago eta herriko garrantzitsuena da bertatik Errege Bidea igarotzen zelako.

San Juan Bataiatzailearen parrokiaren bolumenak harridura sortzen du ikuslearengan, arkitektura erlijioso gotikoaren eredu bakar hau hirigune historikoaren erdian aurkitzen da. Kanpoaldean aipagarriak dira bere kontrahormak, gargolak eta arku zorrotzak. Barnealdean berriz, beirateetan hainbat irudi erlijioso irudikatzen dira eta, lurretik 17 metrotara aurkitzen diren gurutze-gangen giltzarrietan, armarriak, lorak eta animali fantastikoak ikusteko aukera izango dugu.