Ibilbide honek erakusten du burdinak zer bide egiten zuen antzina, minerala non garbitzen zen, eta Meatzerreka auzoa bera, meatzarien auzoa. Bidean aukera dago Arrasateko tontor bi ezagutzeko, Itturritxipiko gaina eta Epeleko gaina.

Antoniñako mineral garbitokia: XX. Mende hasieran minerala ateratzen zen Meatzerreka inguruko meatzeetatik, eta airez, kable bidez, ekartzen zuten Antoniñaraino, han txikitu eta bahetzeko. Gero, tromel batean garbitzen zen, lurrak, buztinak eta materia organikoa kentzeko. Prozesu haren ostean, kamioietan kargatzen zuten, eta bereziki eramaten zuten Bergarara, labe garaietara. Baliobako materiala pilatzen zen errekaren ibilguan, presaren ateak zabaldu eta ebakuatu arte.

Espainiako Gerra Zibileko lubakiak: 1936ko gatazka beliko hartan, hasiera batean indar matxinatuek hartu zituzten Anporreta eta Itturritxipiko gainak, baina ikusita aurrez aurre zituztela tropa leialak, frontea egonkortu egin zen leku hartan luzaroan, zazpi hilabetean, eta horietan indar biek lubaki mordoa zulatu zuten.

Itturritxipiko gaina: Arrasateko tontor esanguratsu eta ezezagun horretan aztarna batzuk daude, tumulu megalitikoarenak izan daitezkeenak.

Epeleko gaina: tontor honetatik, Anporreta eta Meatzerreka artean dagoena, Udalatx parez pare ikusita aukera dago haren handitasunaz gozatzeko.

Haizeola eta zepadiak: Epeleko gainean haizeola baten aztarnak aurkitu dira. Mendian kokatutako labe horiek neurri txikikoak izaten ziren, zabaleran 60 cm eta altueran 150 cm ingurukoak, oinarria lurrean induskatua eta hormak buztinaz egindakoak. Meategietatik ateratzen zen burdin mea -kiskalia eta xehatua- sartzen zuten labe zirkular horietan, egur ikatzarekin edo egurrarekin batera, hau da, minerala transformatu eta burdina ateratzen zuten, gero lantegietan  erabiltzeko. Airearen injekzioa burutzen zen eskuz eragindako hauspoen bidez. Prozesu haren soberakinen pilek zepadiak osatzen dituzte. Ez dakigu zehatz-mehatz labe haiek noiz hasi ziren erabiltzen, baina datazioek erakutsi dutenez Anporretako haizeola erabiltzen zen XI. mendearen bigarren erdian. XIII. Mendean, sistema berritzaile batek ordezkatu zituen: burdinola hidraulikoak. Horiek kokatzen zirenherrigunetik gertuago, harresiz kanpo.